“Elkartasunak esperantza eman dit halako egoeran izango den azkena naizela pentsatzeko”

2012, Urtarrilak 14

LEHENENGO ELKARRIZKETA

Ekaitz Samaniego: “Elkartasunak esperantza eman dit halako egoeran izango den azkena naizela pentsatzeko”

Auzitegi Gorenaren zigorraren kontra protestatzeko ezkutatu den gazteari sostengua adieraziko diote gaur Gasteizen izango den manifestazioan

Bi aste luze pasatu dira Ekaitz Samaniegok ezkutatzea erabaki zuenetik justizia espainiarrak ezarritako zigorra salatzeko. Abenduaren 30ean hura bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak zortzi urteko kartzela zigorra betearazteko. Samaniegori 2009. urtean ustez molotov koktel bat botatzea eta Segi gazte erakundeko kidea izatea egotzi zioten. Lehen akusazioagatik urte eta erdiko zigorra ezarri zioten iazko martxoan kaleratutako epaian. Ustez Segiko kidea izateagatik, aldiz, sei urteko espetxeratzea. Gaztearen defentsak helegitea aurkeztu zuen absoluzioa eskatzeko; fiskaltzak ere justiziara jo zuen, baina pena handiagoa eskatzeko, haren ustez, kalteen delituagatik gutxienez bi urteko zigorra aurreikusten duelako legeak. Abenduan iritsi zen Espainiako Auzitegi Gorenaren erantzuna. Gorenak fiskalari kasu egin, eta kalteengatiko delituari bi urteko zigorra ezarri zion, hasieran baino sei hilabete gehiago. Guztira zortzi urteko zigorraldia.

Hori salatzeko, abenduaren 26an itxialdia hasi zuten Samaniegok eta bera sustengatu duten herritarrek Gasteizko Los Angeles elizan. Protestak iraun zuen denboran alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragileetako ordezkariak eta herritarrak eliza horretara hurbildu ziren gazteari elkartasuna adierazteko. Protesta ekimen hura bukatzeko zegoenean, bera atxilotzeko aginduaren berri heldu zitzaion Samaniegori. Horren ondorioz, ezkutatzea erabaki zuen.

Leihotik eguzkia ikusten da baina, eguerdia izan arren, hotza da kanpoan. Ekaitzek liburua hartu du, eta irribarrez eskertu du oparia. “Bai, istorio laburrak, halakoak irakurtzea gustatzen zait”. Goizeko hamarrak inguruan altxatu da, bezperan berandu arte ibili delako hizketan etxean ezkutatu duten lagunekin. Mahaian eseri gara. “Kaferik?”. “Ez, eskerrik asko”. Grabagailua piztu, eta hizketan hasi da, boligrafoa eta papera eskuetan. Batzuetan, urduritasun puntua nabari zaio, baina inoiz ez ditu irribarrea eta umore ona galduko.

Erabaki irmoa hartu du, eta badaki ondorioak ekarriko dituela, baina ez zaio damu. Ez du bere kasua pertsonalizatu nahi, haren iritziz arazoa kolektiboa baita. Kartzelan ikusten du bere burua, hori noiz izango den jakin ez arren. Hala ere, uste du bere erabakia ez dela alferrik izango, “euskal gizarteak irmotasuna erakutsi duelako injustiziari aurre egiteko”. Gaur manifestazioa izango da Gasteizen, berari eta etorkizunean bera bezala izan litezkeen lagunei elkartasuna adierazteko.

Gasteizko elkartasun itxialdia bukatzearekin batera ezkutatu egingo zinela jakinarazi zenuen. Zerk bultzatu zintuen erabaki hori hartzera?
Nire zigorraren berri izan bezain pronto sortu zen itxialdia ekarriko zuen erantzunak, elkartasun mugimenduak. Argi ikusi genuen irmo erantzun behar genuela, modu agerikoan, kalera atera behar ginela, halako kasuak salatu eta hau bukatzeko gogor lan egiteko. Itxialdiak fruituak eman zituen. Jakin genuen itxialdian bertan edozein momentutan elizara sartu eta ni atxilotzeko aukera bazegoela. Abenduaren 30ean itxialdian parte hartzen ari ginenok bilduta geunden asanbladan, manifestazioaren ondoren, geroan zer gehiago egin erabakitzeko, eta une horretan iritsi zen ni atxilotzeko aginduaren berria. Momentu horretan bai hartu nuen erabakia lasai hartzeko tarte bat, hausnartzeko. Ikusi egin nuen itxialdian parte hartutako jendeak elkartasun lanean segitzeko asmo irmoa zuela, atzetik zer zetorren ikusita, eta pentsatu nuen hau une egokia izan zitekeela modu indartsuenean erantzuteko, borborka dagoen mugimenduarekin, lan politiko eta sozialaren aurkako jarduera indartsu eta elkartasunean salatzeko.

Zure aldeko elkartasun mugimendu handia izan da, Araban ez ezik Euskal Herri osoan ere. Horrek ere baldintzatu du zure azken erabakia?
Noski, nik neuk hala jokatu behar dudala uste dut, konbentzimendu osoa daukat baina, noski, inguruan pertsona desberdinez osatutako taldea lanean ikusteak indarrak eman dizkit. Nik animoso segitzeko faktoreetako bat izan da. Elkartasuna hainbat alderdi politiko, gizarte eragile eta kolektibotatik heldu zaizu. Zure aldeko kanpaina hasi baino ez da egin. Hori mugarri bat izango da geroan izan litezkeen kasuei begira? Nik uste halako mugimendu edo ekimen guztiek halako bokazioa izan behar dutela, eta kasu honetan hala izan da. Ekimen honen inguruan bildu diren indarrak eta atxikipenak hor daude. Sektore desberdinetako pertsona guztiek orain egindako lana oinarri sendoa izango da etorkizuneko kasuetarako. Horretarako balio behar du, tamalez gero batzuk, eta batzuk maiuskulaz diot, datozenean, guk ondo erantzuteko. Elur bola baten moduan handitzen joan behar da hau, gero eta indar handiagoa hartu dezan, bultzada emateko kasu bakar bat ere erantzunik gabe ez geratzeko.

Itxialdia bitartean eginiko elkarrizketa batean esan zenuen ez zenuela espetxea saihesteko esperantzarik. Uste horretan segitzen duzu ala esperantza piztu zaizu?
Maila pertsonalean kartzela ekiditeko esperantzarik ez daukat. Baina ikusten ari naiz halako egoeran arriskuan dauden pertsonen aldeko lana, eta hori ematen ari den fruituak. Kartzelan sartzea saihesteko esperantza ez, baina elkartasun mugimendu honek esperantza eman dit, ni azkena izateko halako egoera batean dagoena eta hala egongo direnak ahalik eta azkarren ateratzeko. Jendeak horren aldeko apustua egin du, eta alde horretatik esperantza eman dit.

Zu ezkutatzeko erabakia intsumisiorako deia da Espainiako botere politiko eta judizialaren erabakien kontra?
Bai, halaxe da nolabait. Nik uste horretan jardun dugula. Ekimena erditu zuten asanbladetan askotan errepikatzen zena horixe zen: “Aski da”. Asanbladetan argi genuen ez genuela halakorik onartuko, eta ez genuela kasu bat ere erantzunik eman gabe utziko, salatu gabe. Ez genuela halako inpotentzia sentiarazten diguna erraz gertatzen utziko.

Martxoan zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zizun Auzitegi Nazionalak, haietako sei Segiko kidea izatea leporatuta, eta beste urte eta erdi kalteak eragiteagatik. Bai zuk, bai fiskalak errekurtsoa aurkeztu zenuten eta, ondorioz, sei hilabete gehiago ezarri dizu Auzitegi Gorenak, kalteengatik gutxieneko zigorra bi urtekoa dela argudiatuta. Halakorik espero zenuen?
Espero zitekeen bai, noski. Ez dut ukatuko esperantza ez dela galtzen norberaren askatasunari dagokionean, herri honek esperantza galdu ez duen bezala, baina hala ere, bai, espero zitekeen zentzu bereko auzitegiaren harien menpe mugitzen jarraituko genuela. Nire prozesuan justizia nola egon den ikusita, zer fundamentu objektiboetan… Nire kasuan epaitegi batetik pasatu nintzen eta nire kontrako sententzia atera zen inolako oinarririk gabe, muntaia baten harira. Orduan bai ikusten genuela Gorenak bide hori jarraitu zezakeela lasai askoan.

Molotov koktel bat jaurti izana leporatu dizute eta Segiko kidea izatea. Zer erantzungo zenieke akusazio horiei?
Nik akusazio hauek egin dituztenei esango nieke beren ipuina gero eta jende gutxiagok sinesten duela; gero eta jende gutxiago engainatzen dutela; jendeak gero eta argiago ikusten duela zer lan mota epaitzen ari diren herri honetan. Molotov koktela jaurti izanaren akusazioa ni gaizto gaiztoaren soslaian jartzeko erabiltzen ari dira , baina ni ez noa kartzelara halako ekintza batengatik, baizik eta beste sei urte ezarri dizkidatelako kolektiboetan eta kalean egindako lanagatik.

Ustezko delitu bera beste testuinguru eta leku batean izan balitz, uste duzu erantzukizun penal berdina izango zuela?
Argi dago ezetz. Nire atxiloketaren osteko miaketan ertzain jator horietako batek hauxe esan zigun guri eta etxekoei, laztasun une horretan: “Hau Sevillan edo Andaluzian egin bazenu, mutil baten barrabaskeria bat bezala hartuko zuten, baina hemen gertatu denez, larrutik ordainduko duzu”. Nik uste horrek argi eta garbi erakusten duela legearen interpretazioak nolakoak diren leku batetik bestera, zer arbitrarioak diren.

Une honetan zu bilatzen ari dira kartzelan sartzeko. Nola bizitzen da egoera hori, edozein momentutan atxilotzeko arriskuan zaudela jakitea?
Ez da batere samurra. Azken bi urteko egoera, halako prozesu judiziala gure kontra bihurtzen dena, zama handia izan da. Atxilotua izan nintekeela jakin eta gero, bastante kolpatuta sentitu nintzen. Orain, atxilotzeko agindua irmoa dela jakinda, une zailak dira. Gainera, nire azken une hauek kalean maite nauen jendearekin egoteko aprobetxatu nahi nituzke, lagunekin pasatu nahi nituzke, baina hori ez da gertatzen ari, eta horrela beldurra eta ezinegona eguneroko gauzak dira. Hala ere, egiten ari naizena, egiten ari garena, hor dago, eta horretan guztiz sinesten dut, eta horrek argitu egiten dit burua. Hori guztia ezinbestekoa izaten ari da datorkidanaren aurrean indartsu eta seguru sentitzeko.

Lehen egun hauek pasatu dira, baina egoera honek luze jo dezake. Nola daramazu? Noraino iristeko prest zaude?
Batetik, eta kalean nagoen bitartean, gure eskubide subirano alienaezinak berreskuratzeko mugimenduari ahalik eta gehiena emateko asmoz nabil. Hori batetik. Bestetik, nire kasuan egon daitezkeen beste guztientzat indartzeko motiboa izatea espero dut, horien aldeko borrokan ere zerbait egitea gerora begira. Badakit kalean lanak jarraituko duela eta barruan alboan izango ditudan kideekin batera barrutik lan egitea izango da nire nahia, denon artean gatazka hau arrazoizko eszenatoki batera eramateko alde guztietatik bultzatzeko.

————————————————————————————————————————————————

BIGARREN ELKARRIZKETA

Ekaitz Samaniego: “Ni atxilotzeko momentua ahalik eta agerikoena izatea bilatuko dut”

Samaniegok adierazi duenez, Bilbon joan den larunbatean egindako manifestazioak arnasa eman die berari eta lan politiko eta soziala egiteagatik espetxeratzeko arriskuan dauden lagun guztiei. Haren ustez, halako ekimenei bidea egin behar zaie, “benetako justizia lortu arte”. Ez du nahi goizeko ordu txikietan atxilo dezatela, “jende horri gustatzen zaion moduan”. Hori dela eta, atxiloketa herriaren erantzuna sentituko den une batean izatea espero du.

2009tik hona testuinguru politiko berria dago Euskal Herrian. Ezarri dizuten zigorra garai zaharretakoa dela esan daiteke?
Nik hemen diferentzia egingo nuke. Batetik garai zaharretako kontuak ditugu. Nire kasuan, lan politiko eta soziala epaitzen ari diren heinean, esan daiteke hori sekulan ez dela justua izan, ez garai zaharretan, ez garai berrietan. Norbait kolektiboetan jendearen alde lan egiteagatik epaitzea, kriminalizatzea, injustua da, nahiz hori normaltzera iritsi diren, ohiko bihurtzera. Hala ere, garai berriak heldu dira, bai, jendarteak nahiko barneratuta dauka hori. Orain esan daiteke beste aldeak aukera ederra duela besteek egindako keinuen aurrean berak ere keinu garrantzitsuak egiteko.

Hala ere, Espainiako Gobernuak, aurrekoak eta oraingoak, esaten du justizia ez dagoela su-etenean, bere bideari segitu behar diola.
Nik uste dut hori dela legearen eta justiziaren kontzeptuen artean daukaten nahastearen ondorioa. Bere legean itsu-itsuan pentsatzen dute, nahieran moldatutako legean. Susmoetan oinarritzen badira jendea kriminalizatzeko, eta hori justizia bada beraientzat, arazo handia izan dezakegu. Nire ustez, berriz ere hutsetik hasi eta justizia bermatzeko bidean oinarritutako legea egiten hasi beharko litzateke.

Presoen aldeko elkartasun mugimendua handitzen ari da. Pasa den astean manifestazioa izan zen Bilbon. Gaur mobilizazioa Gasteizen izango da, zure egoera salatzeko. Zer esango zenioke euskal gizarteari?
Ba, zorionak emango nizkioke, esango nioke hau dela bidea. Bilboko manifestazioa ikusteak arnasa eman digu niri eta halako egoeran dauden pertsona guztiei. Gure inguruan sufritzen ari diren guztiei. Halako mobilizazioek arnasa hartzea suposatzen dute, bakarrik ez sentitzea. Hori ikustea, herri batek aurrera egiteko gogoa, indarra duela ikustea garrantzitsua da. Askotan esan den bezala, aurrera jarraitu behar dugu hau atzeraezina izateko. Justizia erabatekoa, benetako justizia lortu arte segitu behar dugu, halako ekimen ikusgarriekin kaleak betez.

Zure kasua eta Aurore Martinena oso antzekoak dira: funtsean, zuen jardun politikoagatik talde armatuko kideak izatea leporatu dizue justizia espainiarrak. Duela urtebete egindako elkarrizketa batean, Martinek esan zuen ez dagoela klandestinitatean eta agian, egunen batean, Madrilen azalduko dela. Zuk halakorik egitea ere pentsatu duzu?
Ez naiz Madrilera jaitsiko, jaitsi egingo naute, hori ere esan egin behar da. Baina, beno, argi esan behar dut momentu hori, ni agerian ateratzen naizen momentua, ni atxilotzeko momentua, ahalik eta agerikoena izatea bilatuko dudala, horren inguruan ematen den guzti hori, elkartasuna, beroa, ahalik eta indartsuena izatea. Momentu hori pilak gehiago kargatzeko unea izatea nahi nuke, herriak halako kasuetan pairatzen duen jendearekiko atxikimendua eta babesa erakusteko une egokia izan dadila.

Aurore Martin bere aldeko manifestazioan agertu zen Baionan, abenduan. Hura atzemateko agindua zegoen arren, polizia frantsesak ez zuen atxilotu. Ekaitz Samaniego Gasteizko manifestazioan agertuko balitz, uste duzu Ertzaintzak atxilotu egingo lukeela?
Agertuko balitz, posible izango litzateke atxilotzea, epailearen agindua dagoen heinean. Oraindik ez dut erabaki noiz agertuko naizen. Edonola ere, egiten dudanean, atxiloketa ez da burutuko azken aldian edo urteetan burutu dituzten moduan. Nik uste elkartasun mugimendu honetan ibilitako guztiek hala ikusten dutela. Atxilotuz gero, hori ez da gertatuko jende horri gustatzen zaion moduan, goizeko ordu txikietan, haiek bakarrik egonda, haiek aldez aurretik abisatutako hedabideetako lagunekin. Nire atxiloketa gertatzen bada, berdin dio hori non izango den, herriaren erantzun potentea izango duen unea izatea nahi dut, agerikoan izango da, eta herritarrari salaketa baten testuinguruan iritsiko zaio. Hala izatea da nire asmoa.

Erantzun