Azken urteetan langabeziak nabarmen egin du gora Barakaldon eta Ezkerraldean orohar, desindustrializazio prozesua tarteko. Egoerari buelta emateko norberak bere alea jarri dezan, otsailaren 4an Bilbon eta 17an Barakaldon egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute.
Barakaldoko Gazte Asanbladaren oharra:
Lan eta produkzio sistemak, helburu sozialak izan beharrean, hau da, herriaren alde egon beharrean, kapitala eta sistemaren interesen zerbitzura daude, etekin handienak lortzeko helburu argiarekin. Horretarako ahalik eta murrizketa handienak egiteko prest dago. Dirua aurrezteko eta etekinak maximizatzeko tresna ugari erabiltzen dituzte enpresariek: lan postuak murriztu (langile gutxik lan asko egitea), langileak gainontzeko orduak sartzera behartzea, enpresak deslokalizatzea (hirugarren mundura eramanez), segurtasuna murriztea… horrek lan postuak gutxitzea (langabezia sortuz) eta dauden postuak prekarizatzea dakar.
Gure errealitateari arreta jarriz, Barakaldok langabezi tasa handienetariko bat duen herria da, bada, azken datuen arabera %19koa da (8.000 pertsona gutxi gora behera). Azken urte eta hamarkadetan Barakaldok eta Ezkerraldeak orokorrean desindustrializazio prozesu bat jasan izan du. Honen ondorioz langabeziak gora egin du azken urteetan. Gainera enpresariek gero eta langile gutxiago kontratatzen dituzte eta gehiago kaleratzen dituzte, eta hori gutxi balitz, azken lan erreformen ondorioz langileen kaleratzeak merkeago ateratzen zaie. Egoera hau krisiaren aitzakiarekin (enpresari, banketxe, politikari… ezberdinek sortu dutena) asko gogortu da eta gero eta gehiago dira lana topatzen ez dutenak eta pobrezi egoerara hurbiltzen ari direnak.
Langabetuen egoera latza bada, lanean daudenena ez da askoz hobeagoa. Lan baldintzak gero eta okerragoak dira: eguneroko errealitatean ikus ditzakegu zabor-kontratuak, mehatxuak, soldata baxuak, segurtasunaren murrizketa, gainontzeko orduak sartzeko beharrizana (batzuetan ordaintzen ez direnak), lan hitzarmena ez betetzea… Barakaldon Megapark azpiegitura erraldoia egoera honen adibide garbia da.
Guzti hau gutxi balitz, eta nahiz eta krisiarekin okerrera joan, gizarte-laguntzak murrizketa ugari jasan dituzte eta hauek jasotzeko prozedurak gero eta zorrotzagoak dira.
Egoera guzti honen erantzuleak asko dira: enpresari handiak eta esplotatzaileak alde batetik, eta bestetik kapitalaren menpe (hau da, enpresarien alde) dauden instituzio zein politikariak. Lehenengoak prekarietatea eta langabezia eragiteagatik, beraien etekinen mesedetan, eta bigarrenak egoera hau baimentzen eta babesten dutelako. Gure herria egoera honen eredu argia da, enpresariek gero eta esku-hartze handiagoa dutelako eta langileak gero eta eskubide gutxiago daukatelako, udalak guzti hau baimentzen eta bermatzen duen bitartean.
Egoera latz honen aurrean, herritarrok eta gazteok ez gara isilik eta geldirik geldituko, bada, mobilizatuko eta oihu egingo dugulako gure eskubideen defentsan. Otsailean aukera pare bat izango ditugu. Otsailaren 4an Bilbon burutuko den manifestazio nazionalean (18:00etatik aurrera Bihotz Sakratuan) eta otsailaren 17an Barakaldon (19:30etan Bide Onera Plazan). Barakaldoko Gazte Asanbladatik deialdia luzatzen diegu Barakaldoko gazte guztiei mobilizazioetan parte hartzera, soilik mobilizazioren bidez lortuko dugulako guztiok jasaten dugun egoera latz hau aldatzea.
Barakaldoko Gazte Asanbladatik dei egiten diogu Barakaldoko gazteriari, larunbat honetan otsailak 4 Bilbora joateko: murrizketen kontra besteak beste. Gu kedada bat jarri dugu, Barakaldoko gazte guztiok batera joateko: 17:15tan justizia jauregian. Soilik borrokaz geldituko ditugu murrizketak, langabezia, prekarietatea…



