×

Ekaitz Ibero: “Herri bat atzean dugula sentitu dut, eta horrek indar handia eman dit”

2013 Urtarrilak 29

Espetxeratzeko agindupean dagoen Ekaitz Ibero gazte donostiarraren testigantza publikatu du Irati Sarasuak Argiako blogean. Autobus bat erretzea egotzita, lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra bete beharko du. Beranduenez, astelehenean aurkeztu beharko da kartzelan.

Ekaitz Iberoren testigantza:

Ekaitz Ibero naiz. 25 urte ditut eta autobus bat erre izana egotzita otsailaren 4an, beranduenez, kartzelara aurkezteko agindu didate. 2007ko urriaren 30ean atxilotu ninduen Espainiako Poliziak. Astebete lehenago jarraika nituela sentitu nuen, baina ez nion garrantzirik eman. Atxilotu aurreko gauean, aldiz, jarraika nituela ohartuta oso urduri iritsi nintzen etxera, senideek ere esan zidaten urduri nabaritzen nidutela.

Donostiako hainbat gazteri gertatu zitzaien bezala, urriaren 30eko goizeko ordu txikitan etorri ziren ni atxilotzera. Begiak ireki orduko poliziak pistolak eskuan zituztela nire gelan ikusi nituen, nire inguruan zeuden. Lau egun inkomunikatuta pasa nituen, oso gogorra izan zen. Torturatu egin ninduten eta une oro gutxiesten ninduten. Azkenean, galduta nengoen. Gero espetxeratu egin ninduten eta bertan ere beste bost egun inkomunikatuta pasa nituen, modulura eraman ninduten arte. Guztira bederatzi eguneko inkomunikazio aldia izan zen.

Hamazazpi hilabete pasa nituen kartzelan eta jende jatorra ezagutu nuen. Madrileko bi espetxetan egon nintzen. Hasieran, Valdemoron eta, ondoren, Alcala Mecon. Ondoren, amak minbizia zuenez baimen berezi bat eman zidaten etxera bisitan joateko. Hiru egunez etxean bis a bis moduko bat egin genuen.

Espetxean izan nuen amaren gaixotasunaren berri, eta hori oso gogorra izan zen. Kristaletik nabaritzen nuen ez zegoela ondo. Berez da gogorra gaixotasuna eta kartzelan are gehiago. Ez nekin zer egin. Oroitzen dut behin aitarekin telefonoz ari nintzela eta deiaren amaieran ama oso gaizki zegoela esan zidala. Aste horretan ez nuen inorrekin hitz egin nahi izan eta irakurtzen pasa nituen egunak, ezinegona sentitzen nuen.

Bi epaiketa izan ditut. Lehenengoa 2010eko ekainaren 28an hasi zen. Donostiako hainbat gazteri Segi erakundeko kide izatea egozten ziguten eta fiskalak seina urteko kartzela zigor eskaera egin zuen. Polizia etxean eta epailearen aurrean egindako deklarazioak zituzten gure aurka, besterik ez. Horrez gain, gure aurkako frogak gure etxebizitzetatik hartutako kamiseta, boleto eta zapiak ziren.

Epaiketa lotsagarria izan zen, gezur asko entzun genituen. Une batean epaileak gela hartatik irteteko aukera eman zidan oso urduri nengoelako, torturatu ninduen gizonetako bat aurrean nuelako, deklaratzen eta gezurrak esaten.

Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean izan genuen eta auzitegi hark hamabosti seina urteko kartzela zigorra ezarri zigun. Ondoren, Auzitegi Gorenera jo genuen eta aurreko ebazpenak baliogabetu zituen. Orain, Gorenean otsailaren 13an aztertuko dute berriro epaia.

Bigarren epaiketa iaz izan nuen, urtarrilean. Donostian autobus bat erre izana leporatu zidaten. Hasieran epaitutako lau gazteentzat zortzina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak. Eta, azkenean, besteak absolbitu egin zituen epaileak eta ni zigortu. Lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zidan hark. Epaimahaieko epaile bat ebazpenaren aurka zegoenez boto partikularra egin zuen. Hartaz baliatuta Gorenera jo genuen baina hura aztertzea ukatu egin zuten. Beraz, lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra bete beharko dut.

Abuztutik nago atxilotze agindua jasotzeko zain. Hiru aldiz beste etxe batera joan dira agindua ematera, ez dut ulertzen. Eta azkenean joan den asteartean, hilaren 22a, jaso nuen agindua. Orduan adierazi zidaten paper hori jaso eta hamar egunera nire burua espetxean aurkeztu beharko nuela.

Gaur urtarrilaren 28a da, astelehena. Datorren astelehenean, beranduenez, kartzelara aurkezteko agindu didate. Indartsu nago, zalantzarik gabe, motxila pisutxua da, baina, azken finean, bizitzako beste fase batera noa eta burua horretara egin behar dudala badakit. Euskalduna naiz eta euskaldunok badakigu zer dagoen, ezberdinak gara. Baina, egia da, egunak aurrea doazen heinean urduritzen ari naiz. Lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra dut betetzeko, eta Gorenaren ebazpenaren arabera, agian hamar urte bete beharko ditut barruan.Baina jendeak animo asko eman dit. Kalean geratzen nau jendeak animoak eta besarkada bat emateko. Ezagutzen ez nauen jende asko ere nor naizen jakitean berehala etortzen zait babesa ematera. Mugikorrean lagun eta ezagunen mezuak jasotzen ditut, baita sare sozialetan ere. Egia esan, hunkigarria izan da; oso eskertuta nago, benetan. Herri bat atzean dugula sentitzen dut eta horrek indar handia eman dit. Adibidez, joan den urtarrilaren 19an, Donostian, Euskal gazteria libre eta legala lelopean egindako manifestazioan espetxeratzeko arriskuan gauden gazteok jendearen babesa eta berotasuna jaso genuen, eta horrek aurrera egiteko indarra eman zigun.



  1. Animo! | 2013 Urtarrilak 29  | 4:25 pm

    IHES EGINTZAZU!!! 4 URTE IHESEAN 4 URTE KARTZELAN BAINO HOBEAK DIRA ETA DENBORA HARTAN GAUZAK ASKO ALDA DAITEZKE!!!

    ANIMO EKAITZ!

  2. Miren | 2013 Urtarrilak 29  | 5:39 pm

    Barkatuko didazue iraingarria izatea baina babua izan behar da pertsona horrelako iruzkinak idazteko. Ulertzen dut Topatutik eztabaidak bultzatzeko egiten den ahalegina, baina ikaragarria deritzot jendeak zein arinkeriaz idazten dituen hainbat iruzkin.Esan behar nuen.

  3. Topatu.info | 2013 Urtarrilak 30  | 7:13 am

    Kaixo Miren,

    arrazoi osoa duzu. Proiektuaren helburuetako bat eztabaida sustatzea da, baina badirudi jendeak ez dakiela neurtzen zer idatzi eta zer ez. Topatuk ezin ditu horrelako kontuak zentsuratu, guztiaren gainetik adierazpen askatasuna bermatu behar baitugu. Halere, jendearen burugabekeria horiei irtenbide bat topatu nahian gabiltza. Topatuk ezin du izan mahai baten bueltan, kalean, tabernan… esatera ausartzen ez garen gauza horiek guztiek plazaratzeko txokoa; edo, agian, izan behar du, baina ez azken aldian ematen ari den terminoetan. Guk bultzatu nahi dugun eztabaida, behintzat, ez da hori. Eta, are gutxiago, anonimotasunetik. Oso anbiguoa da sarea, eta horrek guztia hankaz gora jartzen du.

  4. Gaztetaske | 2013 Urtarrilak 30  | 9:43 am

    Ba ni ados nago animo!rekin!! ihes eginda aldi baterako zure bizitza baztertzen duzu, baina, bertze bizi berri bat hasten duzu eta, ziur kartzelakoa baina obea!! gañera, egia da hurrengo 4 urtetan ikaragarri pilla alda daitezkeela gauzak, batez ere, presoen inguruan! beraz, ez zait horrelako astokeria iruditzen…!!
    den dela, ANIMO IBERO!!

  5. Akerbeltz | 2013 Urtarrilak 30  | 6:00 pm

    Animo Ibero! Gaztea izatea ez da delitua!

  6. peru | 2013 Otsailak 2  | 7:28 pm

    Besteen bizitzako erabaki aako…kolektiboari kalte egin ezean norbanakoak dira!

    Jotake iberin

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *


2 + 2 =

Current day month ye@r *