×

Mugarri bat, Topaturen etengabeko metamorfosian

2012 Azaroak 23

Abisupean zeunden metamorfosiari ekin genionetik: ez zaizkigu sekula konfesatokiak gustatu, min egiten digu isilpeak. Horrexegatik gehitu genion, behinola, …eta adierazi! esanguratsua zure, gure jardunari.

Jaiotzeari uzten ez diogun honetan, geroz eta indar eta ilusio gehiagorekin jaiotzen gara. Elkarren babesean egiten dugu hegan, hegal-astindu bakoitzean bizirik sentituz. Zure ilusio eta indarraren isla izan da gazte proiektu komunikatiboa urteetan zehar, zure baitakoa izan da hegaldia bera. Eta, gaurkoan, zuregatik eta zurekin jaio gara, beste behin.

Egitasmo berria mugarri bat da Topaturen etengabeko metamorfosian. Eraldaketa, era aldaketa. Gaitasun “burukritikoak” ekarri gaitu gaur, hemen, zuri lerro hauek idaztera. Ahalmen horren fruitua da proiektuaren itxura zein funtzionamendu berria, filosofia aldaketa.

ZU izango zara, gaurtik aurrera, Topaturen ardatz. Zure esku egongo da, txoko hau elikatuz, zure barrena zein gainontzekoena aberastea. Ausartu zaitez lotsak iraultzera, atera mihia bizitzari, egin irri, negar, biluztu, jantzi! Hartu-eman bat izango da hemendik aurrerakoa eta, horretarako, guztiok metatu behar ditugu ametsak eta ahaleginak, zuk, guk.

Hemendik aurrera etorriko denaren jakitun ez garen arren, aurrera goaz atzera ez bagoaz. Biharkoaz ezer jakin ez arren, eskerrik asko, hemen eta orain izateagatik. Zurekin bagarelako.

Mila esker uneoro proiektuan sinetsi duzuen guztioi; gomendioengatik, kritikengatik, animoengatik. Eskerrik asko azken hilabeteetan egitasmoko kide izateko eskakizunari ilusioz erantzun diozuen guztioi, itzelak zarete, biba zuek!

Bihar berriz jaioko gara, indar gehiagorekin, ilusioz gainezka. Gaur, hemen, orain, izan garena ahaztu gabe.

Bihar berriz jaioko gara, eta guztion artean findu eta landuko dugu proiektua, honek ez baitauka zentzurik zu gabe.



  1. KAXILADA | 2012 Azaroak 23  | 6:49 am

    Viva zuek!
    Itzelezko metamorfosia egin duzuena eta zuekin batera guk ere egingo duguna. Eskerrik asko horrelako bozgorailua ematearren gutxietxia den gazteon ahots, esperientzia nahiz sentipenei.

  2. kuxkuxeroa | 2012 Azaroak 23  | 8:09 am

    Aupa peña, biba zuekkkkk!!! Itxura itzela du, ea guztion artean elikatu eta zaintzen dugun proiektua poliki poliki, gurea zuen besteko ardura da eta!

  3. jaio | 2012 Azaroak 23  | 3:18 pm

    aupa ekipo!!!!! ze ona! kriiston lana egin duzue ta zorionak!!!! oso oso itxura ona du, asko gustatzen zait! segi aitzina, batzuetan zaila izan arren bideak zinez merezi du ta! muxu handihandiak denei!

  4. Gotzon Elizburu | 2012 Azaroak 24  | 8:28 am

    ta zer izango litzateke hau zu gabe, jaio? Zurea ere bada. Mila esker eta disfrutatu!

  5. admin | 2012 Azaroak 24  | 2:47 pm

    Tximeletak ez du ahazten, behinola, beldarra izan zenik… Egunero jaiotzen gara, eta metamorsofi bakoitzak aurrekoaren arrastoa darama beti. Muxu potolo bat!

  6. Tximeleta | 2012 Azaroak 27  | 10:08 pm

    Zorionak Topatu!!! Metamorfosi ederra egin dozue!
    Eskerrik asko egunero egiten dozuen lanagatik.
    Besarkada bat ta aurrera bolie!

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *


2 × = 18

*